XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Enfin: Inguruneak eskaintzen dizuna hartu ala, nor berarenari eutsiz, nor berak gura duenaren bila jarraitu?

Biak erdibana, agian?

Zer neurritan?

Demagun, kasu horretan zaudelarik, zera erabakitzen duzula, atzera-puntadaka hasi eta, behin, zeure sasoi puntuan josi zenuen soineko hari gaurko oihal txatalak eranstea, alegia; hots, egungo zati berriak lehengoari josiz, biharko soineko adabatu berria osatzea erabakitzen duzula.

Bai? Baina orain, demagun, bizi-soineko berritu hori, egun batean, goitik behera, tarrat!, urratzen zaizula, edo ohostu egiten dizutela, bestela; edo, bat-batean, galdu, edota, erre egiten zaizula.

Hondamendi nabarmenak diruditen arren, gerta daitezke, ezta?

Demagun, orduan, ezin duzula soineko hori inondik inora konpondu edo berreskuratu.

Erabat txikitua ez badago ere eta, zuloak estaltzeko adabakiak jarri arren, iadanik trapu zahar itxura hartzen duela.

Demagun horixe.

Zer egingo zenuke?: Berarekin jarraitu? Biluzik ibili?

Mende berriak eskaintzen dizkizun zuntz berriekin bizipen-soineko berria josten ahalegindu?

Hori guzti hori gertatuko balitz, zoaz eta bila, gelditzen den soineko zatien artean, denbora-oihal mugagabetik jaso zenuen txatal txiki hura, sekula santan ostu, erre edo galduko ez dena.

Baliteke erantzuna berak edukitzea.